lunes, 25 de febrero de 2013

Ziur al zaude emakumeok eta gizonak berdintasunean bizi garela?

Askotan, erdibidea adierazteko bi mutur aipatzen dugu: adibidez, «ez naiz pobrea ez aberatsa», «ez naiz handia ez txikia» esaten dugunean, erdibidean gaudela adierazi nahi dugu, muturretatik urrun.  Baina horretarako mutur bat zein bestea esparru berekoak behar dute izan, balore bera neurtzeko balio behar dute. Bestela, beste zerbait adieraziko dugu, ez erdibidea.
Horregatik, hain sarritan «ez naiz matxista ez feminista» entzun edo irakurtzen dugunean, ulertu behar dugu esaldi horren atzean ezjakintasuna dagoela edo, bestela, norbaitek eragindako kutsadura gaiztoa. Esaldi hori botatzen duen pertsonak (gehienetan emakumezkoa, zoritxarrez) bitatik bat: ez daki zer esaten duen edo propio esaten du esaten duena.
Jakin, guztiok dakigu matxismoa zer den, batzuetan jokaera bat matxista den ala ez erabakitzerakoan eztabaida sortzen bada ere. Funtsean, matxismoa gizonen lehentasuna aldarrikatzen duen ideologia da, gizonezkoak, berez, emakumeok baino gehiago direla pentsatzen duenaren dotrina guztiz hedatua.
Feminismoak, ordea, ez du inoren nagusitasuna aldarrikatzen. Alderantziz, feminismoa, hasiera hasieratik eta gaur arte, gizon eta emakumeon arteko berdintasuna defenditzen duen ideologia da, berdintasuna, ez inoren lehentasuna. Ez du gizonen nagusitasuna beste batez trukatu nahi. Feminismoa erdibidea litzateke, sexu baten ez bestearen lehentasuna ukatzen duen ideologia. Beraz, «ni ez naiz matxista ez feminista» esaten duenak, esan nahi du emakumeen nagusitasunaren aldeko dela. Ez badu gizonezkoen lehentasuna aldarrikatzen, ez bi sexuen arteko eskubide berdintasuna, orduan emakumeon nagusitasunaren aldeko da.
Emakumeen eskubideen aldeko eta gure jendartean ekitatea erdiesteko eguneroko borrokan, gaurkoa ez da beste egun bat gehiago emakumeontzat eta feministontzat.
Aurten, bost emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta milaka dira indarkeria pairatu behar izan duten emakumeak. Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasunetik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balio patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beren kideen aurka indarkeria erabiltzen duten desberdintasun harremanak sortzen dira.

Gazte eta nagusi, gizon eta emakume, pentsatu gure gizartean. Berdintasuna nabarmena da gizon eta emakumeon artean?
Egia esan, ideia ez dago guztiz finkatuta, eta zoritxarrez, emakumeok, gehinbat, gara horrelako irain psikologikoak edo bortizkeriak pairatzen ditugunak.